e.lkarrizketa -
Xabier Diaz: «2009ko urrian hasiko gara Zamudioko Teknologia Berrien Interpretazio Zentroan taldeak hartzen»
Tagak: teknologia berriak
teknologia berriak «barrutik" erakutsiko ditu joxean.agirre@gaur8.info
Joxean Agirre
2007ko Abenduaren 28a
Barakaldokoa da. Asti Leku ikastolan egin zituen ikasketak eta Leioako Zientzien Fakultatean ikasi zuen Fisika. Bere profilean zientzia zaletasunak irabazi badu ere, musikak ere leku garrantzitsua izan du bere bizitzan, akordeoi ikasketak bukatu baitzituen. Errenazimenduko kultura hartzen du eredutzat eta Leonardo Da Vinci darabil ahoan. Elkarrizketan gehien errepikatu dituen hitzak «zergatik?» eta «izpiritu kritikoa» dira. Filosofiako irakaslea izan zitekeen, baina zientziaren dibulgatzailetzat du bere burua. Lizentziatu berri zela, Oñatiko ikastolan hasi zen lanean eta hamar urte egin ditu bertan. Ikastolako lanarekin batera, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien eta material didaktikoen inguruko ardurak izan ditu Ikastolen Elkartean azken lauzpabost urteotan. Horretan ari zen Zamudioko Parke Teknologikotik deitu ziotenean. Teknologia Berrien Interpretazio Zentroko (BTEK) zuzendaria da geroztik.
Zer da BTEK?
Hezkuntza munduari begira antolatutako teknologia berrien interpretazio zentroa izango da; egunero erabiltzen ditugun teknologiak barrutik ezagutzeko balioko duen lekua. Ez da, beraz, museo bat izango. Ez da bertan teknologien historiarik egingo. Ez da ikusteko zentroa izango, probatzeko eta ikertzekoa baizik. Energiaren, kontsumoaren, iraunkortasunaren eta teknologia berrien arloetan hezkuntza guztiz garrantzitsua da; hortxe jokatzen dugu etorkizuna. Zentroaren helburua Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) ikasleei teknologia berriak barrutik nola funtzionatzen duten eta zertarako diren erakustea da. Aldi berean, teknologia horietako asko hemen bertan, Euskal Herrian, garatzen direla eta egunen batean eurak ere garatzaile izan daitezkeela adierazi nahi diegu. Hitz batean, teknologia berrien aurrean izpiritu kritikoa bultzatzeko balioko du zentroak. Teknologia berriak barrutik ezagutu diogunean, ez dugu funtzionamendua zehatz-mehatz azalduko zaienik esan nahi. Helburua ez da fisika kuantikoa agertzea, zenbait tresnek fisika kuantikoari esker funtzionatzen dutela adieraztea baizik. Erabiltzaile diren aldetik heziketa eman behar diegu; tresnen funtzionamendua ikusi behar dute. Gainera, ikertzaile izan daitezkeen unetik, bideak erakutsi behar dizkiegu.
Dagoeneko eraikina jasotzen ari dira. Nolakoa izango da BTEK kanpotik begiratuta?
Bi piramide izango ditu eta erdian biak lotzen dituen beste eraikin bat izango da. Piramide nagusiaren burdinazko hezurdura jasotzen ari dira eta, bukatzen denean, eguzki plakaz estaliko da eguzki energia baliatu ahal izateko. Piramide horrek 18 metroko garaiera du; horrenbestez, parke osoko eraikinik altuena izango da.
Nolakoa izango da barrutik?
Piramide nagusian Interneti eta komunikazioari gune nagusi bat eskainiko zaio. Teknologia berrien inguruko albisteak plazaratzeko kiosko bat jarri nahi dugu; bertan, ikasleek ekoitzitako materialak ere ikusgai jarriko dira. Erdikoan «glocal» kontzeptuaren inguruko gogoeta batzuk proposatu nahi dizkiegu bisitariei eta teknologien erabilerari buruzko proposamenak egingo ditugu. Euskal Herrian lan egiten duten ikerlariei buruzko atala, tailerrak, erakusketak eta beste zenbait arlo izango ditu.
Euskal Herrian bertan garatzen diren teknologiak herritarrei hurbildu nahi dizkiezuela esan duzu. Nola lortu nahi duzue helburu hori?
Euskal Herria ikerketaren zenbait arlotan oso puntan dabil. Teknologia parke honetan bertan oso gauza garrantzitsuak ari gara garatzen. Arlo batzuetan oso atzera ibiliko gara, baina beste batzuetan punta-puntan gaude. Hori gizartera zabaldu nahi dugu. Bestalde, ikerlari izateko ez dela pertsona arraroa izan behar erakutsi nahi dugu. Punta-puntako ikerlari hori zure auzokoa edo zure lehengusua dela eta zu zeu ere izan zaitezkeela azaldu nahi diegu bisitariei. Horregatik erabaki genuen zentroa DBHko ikasleei begira antolatzea, oso adin proposa delako gauza horiek ulertzeko. Izan ere, jada zientzia eta teknologiei buruzko kontzeptu batzuk barneratuta dituzte eta, gainera, beren etorkizunari begira erabaki batzuk hartzeko unean daude. Gure ikerlariak hurbildu ahal izateko pantaila moduko batzuk prestatu nahi ditugu; horietan, izen-abizendun ikerlariak agertuko dira. Euskal Herrian proiektu berritzaileetan lan egiten duten ikerlariak izango dira eta beren bizitzei edo ikerketei buruzko galderak egiteko aukera eskainiko diete bisitariei. Erantzunak, noski, grabatutakoak izango dira. Asmoa baina hurrengoa da: jende erabat arrunta izanik ere, ikerlari izan daitekeela frogatzea. Hogeita hamarren bat pertsona hartuko ditugu atal horretan eta beren lanarekin eta bizimoduarekin lotutako galderak erantzungo dituzte. Orain dela gutxi Lehen Hezkuntzan egindako inkesta batean zientzialari bat nola irudikatzen duten galdetu zieten ikasleei eta oso irudi zaharkituak agertu zituzten. Egungo ikerlari asko gure inguruko jendea dira, jende arrunta. Garrantzitsua da gazteek ikerketa zer den hurbilagotik ezagutzea.
Zein arlotan egiten dira puntako ikerketak Euskal Herrian?
Etxenikeren taldea ezagutzen du jendeak eta egia da talde horrek sekulako lanak egin dituela, baina bioteknologian eta nanorateknologian ere ikerketa asko egiten ari gara. Energiaren inguruan ere proiektu oso interesgarriak egiten ari gara, Tecnalia enpresan esate baterako. Euskal Herriko Unibertsitatean bertan ahotsaren ezagumenaren inguruko ikerketa oso interesgarriak ari dira garatzen. Robotika ikerketa garrantzitsuak egiten ari da irisgarritasunaren eta domotikaren inguruan ONCE fundazioarekin batera. Teknologia berriak aipatzen ditugunean, askotan inportatutakoak direla pentsatu ohi dugu. Aldiz, hemen bertan ere lan asko egiten da. Euskal Herrian I+D proiektuetarako diru asko jartzen eta horrelakoak dira emaitzak ere.
Itzul gaitezen BTEKera. Zer neurri izango ditu? Noiz inauguratuko da?
Erakusketa gelek mila metro koadroko azalera izango dute. Eraikina 2008ko irailerako bukatuko da. Orduan hasiko gara betetzen eta 2009ko Aste Santuan lehen probak egiten hastea nahiko genuke; hau da, ikasleekin lehen bisitak egiten. Hogei edo hogeita bost ikasleko bi talde aurreikusten ditugu bisitaldi bakoitzeko. Bi ordu eta erdi edo hiru orduko bisitaldiak izango dira. Aste Santuan egingo ditugu froga horiek eta benetan martxan 2009ko urrian hasiko gara.
Zein dira proiektuaren bultzagileak?
Zamudioko Teknologia Parkea bera da eraikina jaso duena, baina fundazio batek eramango du BTEK. Fundazio horretan, parkeaz gainera, Elhuyar eta Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioa daude besteak beste. Horrek esan nahi du zentroaren hizkuntza nagusia euskara izango dela, nahiz eta gazteleraz eta beste hizkuntzatan ere lan egingo dugun. Zentroa bi hizkuntzakoa izango dela esaten dugu, baina laneko hizkuntza euskara izango da. Bospasei teknikari arituko dira lanean nirekin batera.
Jende arruntarentzat zabalik egongo al da zentroa?
Larunbatetan eta oporretan publiko zabalari irekitzeko asmoa dugu, baina gure publikoa DBHko ikasleak izango dira batik bat. Munduan zehar badira gisako zentro batzuk eta tarte bat eskaintzen diete hezkuntzari. Gurea berezia da horretan: gizarteari begira lan egin nahi dugu, baina hezkuntzaren bidez. Hezkuntzarekin elkarlana bultzatzeko ikastaro, mintegi eta horrelako bitartekoak erabiliko ditugu. Web orri indartsu bat ere eratuko dugu ikastetxeekin trukeak eragiteko eta eragileen arteko proiektuak bultzatzeko.
ZERGATIK AUKERATU DUGUN HAU?
Artikulu hau aukeratu dugu beste bideo eta artikuluen ezberdina delako. Teknologia berrien inguruko zentro bati buruz hitz egiten duelako.
IRUZKINA
Irakurritako elkarrizketa Xabier Diaz-i eginikoa da. Irakurritakoaren arabera, berak esaten du teknologia berrien inguruko zentru bat ireki behar dutela, piramide itxurakoa eta DBH-ko ikasleei zuzendutakoa. Helburua hurrengoa da: haurrei dena egina ez ematea, hau da, beraiek ikertzeaa eta funtzionamendua zein den ikustea. Beste helburu bat,haurrak teknologia berrien inguruan kritikoak izatea da.
Eraikuntza barrutik nolakoa izango den ere azaltzen du eta baita martxan noiz jarriko duten.
Elkarrizketa interesgarria iruditu zaigu ez genuelako proiektu honen berri. Egokia iruditzen zaigu ikasleen teknologia berrien inguruko ikasketa prozesurako.
Proiektu honen helburuak zuzenak iruditu zaizkigu ikasleen etorkizunerako. Mundu edo gizarte honetan teknologia berriak erabiltzen ikastea ezinbestekoa da eta zentru honek honetarako aukera ugari emango dituela uste dugu.
NONDIK HARTU DUGUN:
http://www.gaur8.info/edukiak/20071229/55351/Xabier-Diaz-2009ko-urrian-hasiko-gara-Zamudioko-Teknologia-Berrien-Interpretazio-Zentroan-taldeak-hartzen